XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ohean eseri nintzen, erabat nahastua nengoen.

Non nengoen? Zer ari nintzen han? Zer ordu zen, are gehiago, zein egun, zein hilabete? zer gertatu zen? Galderaz josi nuen neure burua erabat aztoratu arte.

Ez nekien zer egin, nora jo, zer pentsatu, zer sentitu hotza, beroa, tristura, pena, poza... Zer arraio gertatu zitzaidan?.

Erotu beharrean nenbilen galderen erantzun bila, baina ezin aurkitu, eta azkenik ohean etzan eta dena lasaitasunez pentsatzeko erabakia hartu nuen, horrela zerbait lor nezakeelakoan.

Gauza guztien gainetik non nengoenaren irrika bizia nuen, ohe baten gainean nengoen, ohearen zabaltasun eta luzerak ezagutzen nituen, baina: non zegoen ohea?.

Ertz batean zegoela argia zen, ohearen eskuinaldean pareta hotzarekin topo egiten bait nuen, baina eta bestaldean zerekin topo egin nezakeen?.

Iluntasunak gelaren muga aurkitzen oztopo egiten zidan eta ezin jakin nezakeen zein luzera, zabalera edo altuera ote zeukan gela hark, gela bazen behintzat.

Ikaraturik nengoen, baina neure burua engainatu nahian nenbilen ikara hura ezkutatzeko, ausarta nintzela sinistu nahi nuen.

Pare bat minutu igaro nituen ohearen gainean eta azkenik gela hura aztertzea erabaki nuen, handik mundura irtetzeko ateren batekin topo egin nahian, edo eta argiaren interruptorearekin topo egin nahian, edo besterik gabe itxitako leihoren bat zabaldu eta haize fresko eta argi izpi batzuekin jolastu nahian.

Ohetik altxa nintzen, beraz.

Lurra hotza zegoen eta zapatak jantzi nahi izan nituenean ohartu nintzen ez nekiela non nituen ez eta nork eta noiz kendu zizkidan ere, hortaz zapatak janztearen ideiari uko eginaz ohearen ertza ikutu eta paretean beste eskua jarriaz gela hura arakatzeari ekin nion.

Pausoak poliki ematen nituen aurkituko nuenaren beldur bait nintzen, badaezpada eskua luzatu nuen zerbaiten kontra jotzea galeraziz.

Horma hotza zegoen, baina momentu hartan bera zen nire lagun bakarra eta gorputza haren babesaren kontra indarrez itsatsi nuen.

Hankak lurrari pegaturik eduki nituen momentu oro.